Landa Gipuzkoa 32

Berriak

2010-05-18

Abaltzisketak abangoardiako eraikin bat izango du udalerriko bizitza dinamizatzeko


· Gipuzkoako diputatu nagusiak "Zerbitzuetxea" eraikinaren lehen harria jarri du. Lan horietan 1.000.000 euroko inbertsioa egingo da.

· Landagipuzkoa 32 programan guztira 39 proiektu daude, eta horietarako Foru Aldundiak 12.000.000 euro bideratu ditu. "Zerbitzuetxea" gauzatzen den lehena da.

· Ekitaldi berean aurkeztu da Landagipuzkoa 32 programaren webgunea, Diputazioak Gipuzkoako udalerri txikien alde egindako apustu estrategikoa dena. www.landagipuzkoa32.net

Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok eta Abaltzisketako alkate Jesus Mari Gorostegik "Zerbitzuetxea" eraikinaren lehen harria jarri dute, eta horrekin gauzatzen hasten dira Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundutako inbertsioak, Landagipuzkoa 32 programan jasota dauden Gipuzkoako udalerri txikietan balio anitzeko azpiegiturak jartzekoak.

Kontzeptu horren barruan biltzen dira udalen iritziz beren udalerrien garapenerako lehentasunekoak diren eta, inbertsioaren munta eta kudeaketa konplexutasunagatik, beraiek zuzenean nekez gauza ditzaketen azpiegituretako inbertsioak (gizarte alorrekoak, kulturalak, sozio-sanitarioak, etab...).

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta udalen arteko lankidetza alderdi ekonomikotik haratago doa, eta laguntza tekniko, juridiko eta administratiboko alderdiak ere hartzen ditu. Horrenbestez, Etorlur, Gipuzkoako Lurrak prestatuko ditu udalerri onuradun bakoitzaren inbertsio planak eta berak gauzatuko ditu plan horietan aurreikusitako inbertsioak.

Zerbitzu etxea eraikina

"Zerbitzuetxea" eraikina abangoardista da, Abaltzizketa eta Amezketa arteko errepidearen ondoan eraikiko da, gaur egun udal frontoiaren aparkalekuak hartzen duen lekuan. Eraikinean, gazteentzako eta adinekoentzako lokalak moldatuko dira. Espazio horietan teknologia berriak erabili ahal izango dira, hartara herriko jarduera ekonomikoa eta bizi kalitatea bermatzeko eta hobetzeko. Halaber, lokal batzuk Udalaren bulegoak erabiltzeko modukoak izango dira, eta komun publikoak ere jarriko dira.

Behar horiek guztiak kontuan hartuta, Abaltzisketako Udalak ideia lehiaketa bat jarri zuen abian 2008ko apirilean. Aurkeztu zirenen artetik, proiektu bat hautatu zuen: "Txindokiren begirada", Mozas+Aguirre arkitektoena.

Diseinua da proiektu horren ezaugarri nagusietako bat, eta erakinetik herriko bi mendi nagusiak ikus daitezke: Aralar eta Txindoki.

Horrela, bada, "Zerbitzuetxea" gauzatzearen kostua 1.000.000 euro da, eta Foru Aldundiak 600.000,00 euroko diru laguntza emango du; Udalak finantzatuko du gainerakoa.

Aurreikusten da azpiegitura berri honetako obren gauzatzeak 12 hilabete irautea.

Landa eremuen aurrerapena du helburu Gipuzkoako Foru Aldundiak, kohesioaren eragileak direnez gero, eta eremu horiek zaindu nahi ditu, lurralde orekaren osagaiak izan daitezen. Landagipuzkoa 32 programak garbi erakusten du landa ingurunearen aurrerapena bultzatzeko Aldundiak egin duen apustu estrategikoa, eta foru departamentu guztien oniritzia du, gainera, departamentu guztiei dagozkien ekimenak baititu bere baitan, esate baterako, bideak egokitzea, ur-hartuneak prestatzea, era askotako azpiegiturak egitea (hezkuntzakoak, sozialak, osasunekoak, kulturalak, kirolekoak...), berrikuntza, enplegua, prestakuntza eta abar.

Abaltzisketan, Landagipuzkoa 32 programaren barruan honako inbertsio hauek egin dira:
.- Pildain-Ihartza bidea (21.800 €)
.- Abaltzisketatik Larraitzeko ermitara doan bide irisgarria (500.000 €)
.- Saneamendua (290.000 €)
.- Kirol anitzeko gunearen ekipamendua (71.500 €)
.- Aralar parke naturalaren barneko bideak egokitzea (80.000 €)

Landagipuzkoa 32 programak, Abaltzisketako proiektuaz gain, azpiegiturak egiteko beste bederatzi proiektu onartuta ditu Aduna, Aizarnazabal, Albiztur, Amezketa, Baliarrain, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Gaztelu eta Hernialden.

Inbertsioa guztira 5.746.000 euroko da, Diru kopuru honetatik Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza 3.558.000 eurokoa izango da.

Landagipuzkoa 32 webgunea

Herritarrek Landagipuzkoa 32 programaren eta bertan aurreikusten diren proiektuen garapenaren berri izan dezaten, Gipuzkoako Foru Aldundiak WWW.landagipuzkoa32.net webgunea prestatu du.

Webgune horren bitartez, erabiltzaileak Landagipuzkoa 32 programaren informazio orokorra eta programan sartutako udalerrien aurkezpena eskuratu ahal izango du eta obren zerrenda bistaratzeko eta proiektuen egungo egoera ezagutzearren nabigatzeko aukera izango du.


Itzuli


Garapena: BIT&MINA