Landa Gipuzkoa 32

Berriak

2011-02-05

BIDEGOIANGO UDALAK GOIATZ PILOTALEKUA BERRITU DU DIPUTAZIOAREN LANDAGIPUZKOA 32 PROGRAMAREN BITARTEZ Visit grabmyessay.com reviews to read the most dependable reviews by college students


Landagipuzkoa32 programak hautatutako proiektuetako bat izan da Bidegoiango Goiatz pilotalekua berritzea, eta lanak amaitu ondoren, gaur eguerdian inauguratu dute Rafael Uribarren Landa Garapeneko diputatuak eta Pello Arzallus Bidegoiango alkateak.

Ohikoa den zinta mozketaren ondoren eta, pilotalekuaren inaugurazioa izanik, bi pilota partida jokatu dira herriko pilotarien artean. Lehenengo partidan Julen Otaegi eta Egoitz Aburuza Josu Urdanpilletaren eta Ander Urdanpilletaren aurka aritu dira. Bigarrenean, Andoni Egiguren eta Aritz Zelaia buruz buru aritu dira.

Pilotalekua Goiatzeko herrigunean kokatuta dago, Bidegoiango udalerrian, eta herriko espazio libreen sistema orokorra osatzen du.

Pilotalekuak ondorengo mugak ditu: iparraldean, garai bateko udaletxeari (gaur egun etxebizitza dena) itsatsita dago; ekialdean, taberna eta eliz ataria ditu, eta bien artean gelditzen da banantzen dituen kalezuloa; hegoaldean, kale aldapatsu bat dauka, eta mendebaldean Goiatzeko plaza.

Pilotalekuaren hormak 1915. urtea aurrekoak dira. 70eko hamarkadan, seguruenik, hormen altuera goratu eta berdindu egin zen 900 cm-ra iritsiz eta hormigoi armatuko bi zutoinen bidez estali zen. Ordutik hona plazan egindako hiritartze lanen ondorioz, pilotalekuaren kota 25 cm beherago gelditu da.

Pilotalekuak ez dauzka arauzko neurriak, gainera, sahietseko horman bi ate dituenez, bertan ezin dira txapelketak jokatu; hala ere, beste hainbat jardueretarako balio duen espazio publiko estali bat da.

Berritze lanak.

Egindako berritze lanen bitartez egiturari eta estalkiari dagozkion elementuak aldatu dira hirigintza parametroak ukitu gabe, hau da, pilotalekuaren garaiera, bolumena, okupazioa eta eraikigarritasuna lehengoak berak dira.

Pilotalekua 19,50 x 12,50 metroko laukizuzena da, hegomendebaldeko izkina alakatua da eta iparraldera eta ekialdera ematen duten aldeak beste eraikin batzuei itsatsita daude. Teilatu-hegalak 9 metro inguruko garaiera du eta estalkiak, lehen bezala, isurialde bakarra du eta % 10eko malda. Estalkian egin den aldaketa bakarra izan da perimetroa zerbait doitzea perimetroko hormak estaltzeko eta hegal eginez ateratzeko, babes eta erremate egokia ematearren. Egitura nagusiaren euste-puntuak itxi gabe utzi dira leiho modura, hala aireztapen gurutzatu gehigarria eta konposizio ordenatua lortzen da.

Era berean, hormigoizko bi pilareak aprobetxatuz markesina irten bat egin da sarreran, horrela eraikigarritasuna aldatu gabe estalitako azalera handitzea lortu da.

Fatxadak ere itxi egin dira euria eta haizea batera gertatzen direnean babestuago egoteko. Itxitura hiru metroko altueraraino jaisten da eta polikarbonatozko xafla zeharrargitsuen bidez egin da, argia pasatzen uzteko.

Pilotalekuaren zorua berria da eta 14 cm inguru goratu da kota. Barruko maldak mantendu egin dira ura kanpoaldera eramateko eta handik zuzenean estolda-sarera bideratzeko.

Pilotalekuaren estalkia eta horma berriztatzeari garrantzi handia ematen dio Bidegoiango Udalak, azpiegitura balioaniztun horrek eginkizun bikaina jokatzen duelako herritarren bilgune bezala.

Landagipuzkoa32 programa Gipuzkoako Foru Aldundiak landa ingurunea bultzatzeko egin duen apustu estrategikoaren isla da. Programa horretan Foru Aldundiko departamentu guztiek parte hartzen dute era askotako jarduerak gauzatzeko, hala nola, bideak txukuntzeko, ur hartuneak egiteko (Bidegoiango Udalak lan horietarako 542,600 euroko diru laguntza jaso du), balioanitzeko azpiegiturak jartzeko (hezkuntza, gizarte-osasun, kultura nahiz kirol arlokoak…), berrikuntza, enplegua, prestakuntza eta bestelakoak bultzatzeko.

Herritarren ongizatearen eta bizi kalitatearen ikuspuntuetatik hutsune eta beharkizun handiak dituzte Landagipuzkoa 32 programan sartzen diren udalerriek, eta bazterketa geografikoak ekarri ohi dituen arazoak izan ditzakete beren tamainarengatik eta ezaugarriengatik.

Lurraldea eta ingurumena kudeatzen eta orekatzen eginkizun garrantzitsua dute udalerri horiek eta, horregatik, onuragarriak dira gipuzkoar guztiontzat, zaindu beharreko balio bat, alegia.


Itzuli


Garapena: BIT&MINA